XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ama, oinkada luzez, semearen aldamenean ipini zen.

Eta ikusi zuen nola Andrei ere zangokada batez Pavelen aurrean kokatu zen eta bere gorputz luzeaz babestu zuen.

- Hator nire ondora, lagunkidea! oihu egin zuen Pavelek gordinki.

Andrei kantatzen ari zen, eskuak bizkar atzean uztarturik eta burua gora jasorik.

Pavelek sorbaldan bultza egin eta berriro oihukatu zion:

- Ondoan!

- Ez duk eskubiderik!

- Aurrean, bandera!

- Sa-kabanatu! garrasi egiten zuen ahots zoliz ofizial ziztrin txapar batek, sable zuria airean astintzen zuen bitartean.

Oso gora jasotzen zituen hankak eta, belaunak malgutu gabe, erronkari zapaltzen zuen lurra oinzolen azpian.

Amaren begiek haren bota garbi distiratsuei erreparatu zieten.

Haren aldamenean eta apur bat atzerago, astunki ibiliz zetorren bizargabeko gizon garai bat, bibote ileurdin lodikoa, forru gorriko beroki gris luzez eta mendel horiekiko galtza zabalez jantzia.

Hark ere, jojolak bezala, eskuak bizkarrean uztarturik zituen, eta, bekain ileurdin sarriak goraturik, Paveli begiratzen zion.

Amak gauza mordo mugagabea zekusan, garrasi ozena zeukan bularrean geldirik, zinkurin bakoitzean aire zabalera ihes egiteko gertu, arnasa hartzea eragozten zion, baina, eskuez bularra estuturik, hor barruan eusten zion.

Bultza egiten zioten, hanken gainean aldaroka aurrera zihoan pentsatu gabe, ia konorterik gabe.

Bere atzean gero eta jende gutxiago zegoela somatzen zuen, olatu hotz batek haien kontra jo eta barreiatuko balitu bezala.

Gero eta hurbilago zituen bandera gorria zeraman taldea eta soldadu grisezko katea trinkoa, argi eta garbi zekusan hauen aurpegia, kalea alderik alde hartua zuen zerrenda mehar hori eta zikin batean modu okaztagarrian zapaldurik.

Zerrendan, nahas-mahas barreiaturik ageri ziren kolore ezberdinetako begiak, eta haren aurrean krudelki distiratzen zuten baioneten mutur zorrotzek.